XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) esan banio, laztana, gurea amaitu da, doilortasunak ez du lekurik hemen, ez nukeen leihotik bota beharrik izango, baina, ziur asko, irtenbide ez-arrazoizko eta teatralak saihets nitzakeelakoan hasi nintzen neure burua konbentzitu nahian larru jotzea gauza naturala dela, gorputzaren eskakizun hutsa.

Il faut bien que le corps exulte dio esaera frantsesak, gorputzak alaitasuna behar duela, alegia, eta oso arrazionalistak dira frantziarrak, izara arteko gaietan adituak gainera.

Baina jakina, ni ez izaki frantsesa.

Madrildarra da Beltran.

Ez dakit zergatik aipatzen dudan, bizitza osoan behin baino ez baitut ikusi, eta gero, epaileak erakutsi zidan argazkian, hilik jada.

Hanbren nolatan azaldu zen ere ez dakit, Hanbre sagardotegi ilun eta pobrea baita, Pleyel markako piano eder bat duen arren; nik neuk ere, Samuel eta besteak bertan biltzen direlako ez balitz, ezagutuko ez nukeena.

Eta Beltran ilea distiratsua eta izurgabea, baina kokotean kiribilotan harrotua, atzera orraztua eraman ohi duten horietakoa zen.

Norbaitek esan zuen familia aristokraziakoa zuela, oraindik ere hemengo aldean baserri piloa dutenetakoa.

Nikolasen esanetan, jende horrek, maizterren errentak jadanik bizitzeko adina ematen ez dutelako, mendeku hartzeko, baserrietan hobekuntza lanak egitea galarazten omen die.

Beltranek ezetz esan zuen, berak ez zekiela baserriak non zeuden ere, eta ez zen zaila tipo hari gauzak non zeuden ez zekiela sinestea.

Baserriak bezala, bertakoa omen da engainatu zuen emaztea ere, eta, maitemindurik jarraitzen zuenez,(...)